Araudia
Mendia ardientzat paradisua izan daiteke bere belardi amaigabeekin. Baina horrek ez du esan nahi arriskurik ez dagoela. Artzain baten paperean sartu zaitez eta osatu zure artaldea, inguruko arriskuetatik babesten duzun bitartean.
Edukia










Helburua
Lehenengoa izan 15 ardiko artaldea osatzen.
Prestaketa
Jokalari bakoitzari ez zaio kartarik banatu behar. 60 kartak mahai erdian jarriko dira buruz behera, multzo bakarrean.
* Karta-pilotik ateratzen diren kartak mendian uzten dira. Txanda bukatzean mendia kartarik gabe utzi behar da.
** Txanda amaitzean jokalariek gorde dituzten kartak bakoitzaren eremura eramaten dira eta beste guztiak baztertu egingo dira.
Jokoaren Garapena
Erlojuaren kontrako norantzan jokalariak banan banan beraien txanda jokatuko dute.
- Karta-piloaren goiko karta hartu eta mendira eraman.
- Kartak efekturik balu, aplikatu.
- Ateratako kartak txanda amaitutzat emango ez balu, jokalariak bi aukera ditu:
- Jarraitu → beste karta bat hartu eta mendira eraman
- Gorde → txanda hortako ardiak bere eremura eraman eta gorde (lehenagotik zituenei gehituz). Gainera, txanda amaierako efektua duten karten efektuak aplikatu.
Ondoren, hurrengo jokalariaren txanda hasiko da.
Otsoa da gehien dagoen karta, kontuz ibili behar da eta arriskua neurtu, txandan lortutako guztia ez galtzeko.
Ekintza Kartak
1. Mendian aplikatzen direnak

- Txandako ardi guztiak galtzen dira (mendian daudenak) eta txanda bukatutzat ematen da.
- Lehenagotik gordetako ardiak ez dira galtzen.

- Txanda honetan mendian dauden ardiak otsoaren aurrean babesten ditu.
- Artzai txakurraren karta bi kasutan baztertzen da:
- Otso bat ateratzen bada. Kasu honetan otsoa eta txakurra baztertzen dira eta jokalariak bere txandarekin jarraitu dezake dauzkan ardiak gordez edo beste karta bat hartuz.
- Jokalariak bere ardiak gordetzea erabakitzen duenean, artzai txakurran karta baztertzen du.

- Zintzarriak ardi karta bat otsoaren kartatik babesteko aukera ematen du.
- Zintzarria mendian dauden ardi kartetako bati jarri behar zaio atera bezain laister.
- Mendian ardi kartarik egongo ez balitz, ondoren ateratako lehen ardiari jarri behar zaio.
- Otsoa ateratzean zintzarriak babestutako ardi-karta jokalariaren eremura eraman eta beste karta guztiak baztertu behar dira (zintzarria barne).
2. Jokalariaren eremuan aplikatzen direnak

- Arranoaren efektua jokalariak erabakita txanda amaitutzat ematen denean bakarrik aplikatzen da.
- Orduan, arranoa beste jokalari bati eman, eta gordeta dituen ardi-karten artean bat lapurtuko zaio (bere eremuan borda edukiko ez balu) eta arranoa jokatutako jokalariaren eremura ekarri. Behin arranoa jokatuta, karta baztertu egingo da.
- Arranoaren karta mendian egongo balitz eta txanda behartuta bukatutzat emango balitz, efektua aplikatu gabe baztertuko da.

- Ekaitzaren efektua jokalariak erabakita txanda amaitutzat ematen denean bakarrik aplikatzen da.
- Orduan, ekaitza beste jokalari bati eman, eta gordeta dituen ardi guztiak galduko ditu (bere eremuan borda edukiko ez balu behintzat). Behin ekaitza jokatuta, karta baztertu egingo da.
- Ekaitzaren karta mendian egongo balitz eta txanda behartuta bukatutzat emango balitz, efektua aplikatu gabe baztertuko da.

- Bordaren efektua jokalariak erabakita txanda amaitutzat ematen denean bakarrik aplikatzen da.
- Orduan, jokalariaren eremuan gordetako ardi-karta guztiak babestuta egongo dira ekaitz eta arranoen aurrean.
- Bordaren kontra norbaitek ekaitz edo arranoren bat jokatuko balu, ardi-kartak kendu ordez, borda galdu eta baztertutako pilara bota beharko da.
- Bordaren karta mendian egongo balitz eta txanda behartuta bukatutzat emango balitz, efektua aplikatu gabe baztertuko da.
15 Baino Gehiago
Txandan zehar jokalari batek 15 ardi baino gehiago biltzen baditu bere eremu eta mendiaren artean, bere txanda bukatutzat emango da eta mendiko ardi guztiak galduko ditu. Eremuan gordetakoak bakarrik mantenduko ditu.
Adibidez, norbaitek 9 ardi dauzka gordeta eta bere txandan 3 ardiko karta bat eta 5 ardiko beste bat atera ditu mendira. Momentu hortan 17 ardi edukiko lituzke guztira, beraz bere eremuko 9 ardiak mantendu eta mendiko 8 ardiak (3+5) baztertu beharko lituzke, txanda amaitutzat emanez.
Partidaren Amaiera
Bere txandan jokalari batek 15 ardi justu lortzen dituenean partida amaitu egingo da eta jokalari hori izango da garailea.
Ohiko Galderak (FAQ)
Partidan zehar sor daitezkeen zalantza nagusiak azkar kontsultatzeko galdera-erantzunak.
Noiz amaitzen da txanda?
Txanda hiru arrazoirengatik amaitzen da: otsoa ateratzen denean, jokalariak mendiaren eta bere eremuaren artean 15 ardi baino gehiago biltzen dituenean, edo jokalariak bere borondatez txanda amaitzea erabakitzen duenean (planto egitean).
Noiz erabil ditzake jokalariak Borda, Arranoa edo Ekaitza?
Jokalariak bere txanda borondatez amaitzea (planto egitea) erabakitzen duenean bakarrik erabil ditzake. Txanda behartuta amaitzen bada (otsoa atera delako edo 15 ardi baino gehiago bildu direlako), karta horiek ezin dira erabili eta galdu egiten dira.
Bi borda izan ditzake jokalari batek?
Bai, jokalari batek bi borda izan ditzake aldi berean bere eremuan, eta bakoitzean nahi dituen ardiak gorde ditzake. Baina jokalariak ezin du borda bat bestearen barruan sartu.
Zer egiten du Ekaitzak?
Jokalari batek beste bati Ekaitza botatzen dionean, hark bere eremuan gordeta dituen ardi guztiak uxatu eta baztertu egiten ditu. Baina ardiak borda baten barruan badaude, Ekaitzak borda bakarrik hausten du, ardiak mantenduz eta salbatuz.
Nola erabiltzen da Zintzarria?
Zintzarria atera bezain laster, mendiko ardi-karta bati jarri behar zaio hura babesteko (edo gerorako gorde, oraindik ardirik ez badago). Otsoa agertzen denean, otsoak mendiko ardi guztiak jango ditu Zintzarriarekin babestutakoa izan ezik (ardi hori jokalariaren eremura pasatzen da). Txanda amaitzean, Zintzarria baztertu egiten da.
Nola erabiltzen da Arranoa?
Jokalariak bere txanda borondatez amaitzea erabakitzen duenean, Arrano bakoitzarekin beste jokalari baten ardi-karta bat har dezake bere eremura eramateko (borda baten bidez babestuta ez badago).
Zer gertatzen da jokalari batek Zintzarria eta Artzai Txakurra dauzkanean otsoa ateratzen bada?
Kasu horretan, Artzai Txakurrak otsoa uxatuko du (biak baztertuko dira) eta Zintzarria mendian mantenduko da ardia babesten, harik eta jokalariak txanda amaitutzat eman edo beste otso bat atera arte.
Zer gertatzen da jokalari bati txanda berean Arrano bat baino gehiago tokatzen bazaizkio?
Arrano bakoitzeko karta bana lapurtzeko aukera izango du (jokalari berari edo desberdinei), bere txandan borondatez planto egiten badu. Txanda behartuta bukatzen badu (otsoa atera zaiolako edo 15 ardi baino gehiago bildu dituelako), ezingo ditu ardi-kartak lapurtu eta Arranoak erabili gabe galduko ditu.
Zer gertatzen da jokalari bati txanda berean Ekaitz bat baino gehiago tokatzen bazaizkio?
Ekaitz-karta guztiak jokatu ditzake jokalari desberdinen kontra edo jokalari beraren kontra (bordaren bat badauka), bere txandan borondatez planto egiten badu. Txanda behartuta bukatzen badu (otsoa atera zaiolako edo 15 ardi baino gehiago bildu dituelako), Ekaitz-kartak erabili gabe galduko ditu.