Euskaraz sortu, euskaraz jolastu.
Aisialdi partekatua, sortzailea eta euskarazkoa sustatzeko jaio den kultur elkartea gara.
Elkarrizketa eta erabaki partekatuak.
Euskarazko eduki propioen garapena.
Talde-lana eta euskara modu naturalean.
Mahai-jolasak sortu eta garatu, hezkuntza eta gizarte-hausnarketa bultzatzeko.
Euskara elkartearen jarduera eta eduki guztien hizkuntza nagusi gisa indartu.
Desgaitasuna duten pertsonekin eta bazterketa arriskuan daudenekin lan egin.
Euskal Herriko historia, kultura eta ohiturak ezagutarazi belaunaldi berriei.
Pantaila digitalen erabilera murriztu, aurrez aurreko harremanak sustatuz.
Erakunde publiko, pribatu eta hezkuntza-zentroekin elkarlanean aritu.
Irabazi-asmorik gabeko elkartea gara. Gure ardatza euskal kulturan oinarritutako mahai-jolasak euskaraz sortzea da.
Baina ez gara horretan bakarrik geratzen: tailerrak antolatzen ditugu komunikazioa eta aurrez aurreko jolasa sustatzeko, pantaila digitalei alternatiba bat eskainiz.
Gainera, Scape Room pertsonalizatuak diseinatzen ditugu, barru zein kanpoaldean, auzo, herri edo jaietarako modu dinamikoan.
Ezagutu gure proiektuak: euskaraz sortutako aisialdi dibertigarri eta hezigarria.
Euskal artzaintzan oinarrituriko karta jolasa. Jokalariek ardi latxak bildu behar dituzte, arriskua kudeatuz: gehiago arriskatu edo momentu egokian gelditu. Joko arina, dinamikoa eta familian gozatzeko aproposa.
Eskuratu
Euskal balearen ehizaren historian oinarritutako karta jolas semikooperatiboa. Jokalariek elkarlanean jardungo dute eta ondoren modu lehiakorrean puntu gehien lortzen saiatuko dira. Historia, estrategia eta lankidetza uztartzen ditu.
Eskuratu
Rol eta dedukzio jolas honetan, herritarrek, kanporatuak izan baino lehen, gezurtia nor den asmatu behar dute.
Gailu bakarreko esperientzia partekatua: jolasaren gidariak (adinez nagusia eta arduratsua) mugikorraren bidez kudeatuko ditu partidak.
JolastuToki elkartea pasioz eta konpromisoz sortu genuen guraso talde bat gara. Hainbat ikastolatako bideak gurutzatu ondoren, jolaserako zaletasunak elkartu gintuen hasieran. Jolasa gure arteko hizkuntza bihurtu zen, eta denborarekin, gure seme-alabentzako jolasak sortzeari ekin genion.
Hasiera batean etxean eta familia giroan hasitakoa, gure artean partekatzen hasi ginen, eta partekatze horretatik sortu zen proiektu hau. Gure seme-alabek euskaraz, aurrez aurre eta elkarrekin jolasten jarrai dezaten dugun gogoa da gure motorra.
Gaur egun, elkarte hau gure pasioaren eta euskararekiko dugun atxikimenduaren emaitza da; elkarrekin hazi, ikasi eta jolasteko toki bat, gure txikientzat eta guretzat.
Itsulapikoa.eus webgunearen bidez abian jarri genuen crowdfunding kanpainak ez luke arrakastarik izango zuek gabe. Zuen ekarpen eta babesari esker, gure proiektua aurrera eramateko behar genuen bultzada jaso dugu.
Esker bereziak eman nahi dizkiegu, halaber, bidean lagun izan ditugun eragileei: Aieteko euskara batzordea, Donostiako Aquariuma, Hirutxuloko Hitza, Hamaika Telebista eta Berria. Zuen laguntza eta kolaborazioa funtsezkoak izan dira guretzat.
Zuei esker, gure ametsa errealitate bihurtzen ari da. Bihotzez eskerrak eman nahi dizkizuegu denoi, zuen elkartasun eta konpromisoagatik. Elkarrekin, gauza handiak lor ditzakegu!